You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Ezagutu gure komunitatearen parte izatearen abantaila guztiak.
Community
HASI SAIOA

Sartu Community-n haren abantaila guztiez gozatzeko.

EGIN BAT COMMUNITY-REKIN

Egin bat orain. Jarraitzaile egiten bazara, abantaila ugariz gozatuko duzu, doan, eta, Lagun edo Kide korporatibo egiten bazara, are onura gehiagoz.

EZAGUTU COMMUNITY

Artea eta kultura maite dituztenentzako eremu berria. Jarraitzaile, Lagun edo Kide korporatibo gisa parte har dezakezu.

EZAGUTU ABANTAILAK

Erakusketa

2018ko martxoak 16-2018ko ekainak 10

Esther Ferrer (Donostia, 1937) performancearen artearen aitzindaria da Espainian, eta haren ordezkari nagusietako bat. 1960ko hamarkadaren amaieran bere ibilbideari ekin zionetik, pentsamendu-ildo desberdinak landu ditu, era guztietako formak eta materialak erabilita.

Bere lana 1960ko hamarraldian sortutako arte minimalista eta kontzeptualaren korrontearen barruan sartzen da, eta hainbat sortzaile —Stephane Mallarme, Georges Perec eta John Cage, besteak beste— hartzen ditu erreferentziatzat, bai eta garai hartako feminismoak ere. 1967an, Zaj taldearen jardueretan parte hartzen hasi zen Esther Ferrer, Walter Marchetti, Ramón Barce eta Juan Hidalgorekin batera; harrezkero, ekintzaren artea da bere adierazpen-bide nagusia. 1970etik aurrera, Zaj taldearekin kolaboratzeaz gain, lan plastikoak egiteari ekin zion berriro, esku hartutako argazkien, instalazioen, koadroen eta marrazkien bitartez, guztiak zenbaki bakoitien seriean, eta soinudun objektu edo piezetan oinarritutakoak. Zaj taldearekin lanean jarraitu zuen 1996. urtera arte, ekintza oso zuzenekin; urte hartan desegin zen taldea, Reina Sofia Museo Nazionalean egindako atzera begirako erakusketa baten ondoren.

Ferrerrek honela definitzen du performancearen generoa: “denbora eta espazioa publikoaren presentziarekin konbinatzen dituen artea; publikoa ez da ikusle hutsa, izan ere, hala nahi badu, ekintzan parte har dezake". Ikuslearen askatasuna baloratzen du artistak guztiaren gainetik; horregatik, ez dio ondoriorik eskaintzen, galderak eta zalantzak bakarrik, hark egin dezan bere interpretazio pertsonal propioa, modu autonomoan.

Bere karrera luzean zehar, ekintza-artearen jaialdi ugaritan hartu du parte, museo ugaritan jarri du ikusgai bere lana eta hainbat sari jaso du Esther Ferrerrek. 1999an, Espainia ordezkatu zuen Veneziako Bienalean; 2008an, Premio Nacional de Artes Plásticas jaso zuen; 2012an, Gure Artea Saria eman zion Eusko Jaurlaritzak, eta 2014an, Premio Velázquez de Artes Plásticas eta Marie Claires de l’Art Contemporain saria jaso zituen.

Erakusketa honetan, Esther Ferrerrek dakarzkigun instalazio ia guztiak argitarabeak dira, orain arte gauzatu gabeak, eta bereziki performanceen bidez edo publikoaren laguntzarekin aktibatuko dira.

Erakusketa baten sarrera (Entrada a una exposición, 1990/2018)

Esther Ferrerrek honela azaltzen ditu Erakusketa baterako sarrera obraren espiritua eta intentzionalitatea:

Azalak bizitza biltzen du, gizakiaren lehen jantzia da, bi munduren arteko muga da, eta Valery-k idatzi bezala, “gizakiaren zer sakonena” da. Baina azala ere bada gizakiaren gauzarik azalekoena, hitzak ondo dioen bezalaxe. Gure azala ispilu baten azalera bezalakoa da, olerkariak aipagai duen sakontasuna islatzen duena. 

Maitasunaren edo erasoaren subjektu, memoria, errituen euskarri, diskriminazioaren objektu, azala bada gure aldarte eta egoera fisikoari buruz kontrolatzeko zaila den informazio-iturria ere; izango da “arimaren ispilu” deitzen duenik ere. Baina gainera eta batik bat, azala gure sentsazioen sargunea da, azalaren eta sentsazio horiek garunera bideratzen dituen nerbio-sistemaren arteko interakzioei esker.

Erakusketa baten sarrera (Entrada a una exposición) instalazioak nork bere azalaren kontzientzia hartzea bilatzen du, kanpoko elementu batekiko kontaktutik abiatuz; kasu honetan, lumen sentsualtasunaren bidez. Sentsazioak esnatzeko xedez pentsatutako lana da, ikuslearen harmena estimulatzeko eta hautemate-gaitasuna areagotzeko, “alerta” gozagarriko egoera batera bideratzeko eta erakusketaren gainerako atalen bisita prestarazteko. Kontua da sentitzea, ez pentsatzea; pentsaraztea erakusketaren gainerako atalen lana izango da.

Lan honek sortarazten duen zentzumen-esperientzia kontrastean dago erakusketaren gainerako lanek eskaintzen duten esperientzia motarekin; soiltasuna, materialtasun minimoa eta ideia eta kontzeptu abstraktuen garapena dira nagusi beste lan horietan, hala nola Proiektu espazialak (Proyectos espaciales) lanaren atzean dauden eskema matematikoak.

Munduko barreak (Las risas del mundo, 1999/2018)

“Adi: barre egitea arriskutsua izan daiteke zure gaixotasunerako”.

Umorea Esther Ferrerren lanaren elementu banaezina da. Hain zuzen ere, ironiaz betetako gizarteari buruzko begirada absurdua da artistaren berezko ezaugarria eta, horri esker, obra artistiko oso kritikoa eraikitzen du.

Oraingoan, Ferrerrek irriarekin egiten du lan. Horretarako, lurrean jarritako mapamundi handi baten hainbat punturen gainean zintzilik jartzen ditu gailu elektroniko batzuk. Hogeita hamazazpi tablet baino gehiago dira, adin, genero eta jatorri ezberdineko pertsonen ahoen irudiak erakusten dituztenak, eta haien barreen soinua erreproduzitzen dutenak. Publikoaren elkarrekintzaren ondorioz aktibatzen dira soinu-fitxategiak, bisitari bat hurbiltzen den aldiro jartzen baitira martxan, artistak “barre-kontzertu” espontaneo deritzenak ospatzeko aukera emanez, pieza honi buruz hitz egitean artistak esan zuen bezala.

Barre-taldeen erreprodukzioa hausaz aktibatzeko ere prestatuta dago instalazioa, bisitariek maparen gainean hartzen duten kokapenaren arabera.

Obra osoak irriaren soinua darabil soinu-material galkor gisa, objektu artistiko bihur daitekeena. Ferrerrek soinu organiko eta natural bat bereganatzen du (hots, barrea); denboran hedatzen du, grabaketaren bidez; espazioan antolatzen du, munduko mapa baten gainean; eta ikuslearen eskuetan jartzen du, erreprodukzio-ordena erabaki dezan. Prozesu horren bidez, konposizio musikaleko elementu bihurtzen du irria.

Honela azaldu du Esther Ferrerrek obra honen xedea:

Munduko barreak (Las risas del mundo) instalazioak ez du barreterapia izan nahi; oinarrizko helburu du, ikusleari barre egiteaz gain, hark “munduko barreak entzutea”, herrialde eta kultura ugaritako umeen, zaharren eta helduenak, kultura eta hizkuntza bakoitzak —zenbait ikertzaileren arabera, barrea hizkuntzaren jatorria da— modu desberdinean sortzen baitu barrea. Batzuetan desberdintasun hori nabarmena da, eta beste batzuetan ez hainbeste.

Gainera, ikusleak Barrearen laborategia du erakusketan. Bertan, bere barrea abiapuntutzat hartuta, “irri harrigarriak eta ezohikoak sor ditzake, gizakion ahots-kordek nekez erreproduzi ditzaketenak edo inola ere erreproduzitu ezin dituztenak”, artistak berak esandakoaren arabera.

Instalazioak aulkiekin (Instalaciones con sillas, 1984 eta 2018)

Erakusketa honetan, Ferrerrek aulkiekin egindako bi instalazio daude: Instalazioak aulkiekin sailekoa da bata, 1984koa; bestea, berriz, Aulkiak zintzilik saileakoa, 2018koa. Proiektu horiek lehenengo aldiz ditugu erakusketa-espazio batean. Artistak erakusketaren katalogoan azaltzen du kontzeptua:

Beti interesatu izan zaizkit aulkiak; objektu ohikoak dira, kasik interesgabeak, baina euren presentzia hutsak gela baten espazioa molda dezake.

Beti harritzen nau sortu izan den aulki eredu kopuruak, eta sortzen jarraituko denak, hain gauza oinarrizkoa izanik, aulki bat bezain gauza sinplea. Baina bereziki erakartzen nauena euren egitura da, izan zurezkoak edo plastikozkoak, edo beste material batekoak, tolesgarriak zein ez. 

Aulkien beste gauza interesgarri bat euren gaitasun “antropomorfikoa” da: aulki bat ikustea gizakiarengan pentsatzea da, horrek iradoki dezakeen guztiarekin. Tapizeria eta apaingarriak kentzen zaizkienean euren “hezurdura” azaltzen da: modu ia organikoan antolatutako lerro zuzen eta makotuen multzoa. Aulkiaren egitura-aberastasun hori multzo batean konbinatzen denean, izan horma baten gainean, izan espazioa okupatuz, sortu daitekeen formen aniztasuna txundigarria izan daiteke.

Agian eurekin egin dudan lanaren jatorria nire haurtzaroko zaldiko-maldikoetako aulki hegalarien irudia da, kateetatik zintzilik eta biraka ziztu bizian. 

Instalazio ugari egin ditut aulkiekin: batzuetan espazioko formen arteko elkarrizketa soilak dira, kable fin edo lodiagoekin zintzilikatuak; beste batzuetan esanahi politiko edo soziala izan dezakete gainera. Bakarka edo multzoka erabil ditzaket, bai instalazioetan, bai performanceetan. Azken horietan ohiko elementuen erabilera funtsezkoa da niretzat, eta zer izan liteke aulki bat baino ohikoagoa? Baina, horrela ere, aukera ugari eskaintzen ditu, besteak beste, adibidez, soinu-elementu bihurtzea nire ekintzetako batean.

Proiektu espazialak saila (Serie Proyectos espaciales, 1990/2018)

Esther Ferrer 1970eko hamarkadan hasi zen Proiektu espazialak (Proyectos espaciales) sailean lanean. Hemen ikus ditzakegun instalazioak saileko lehenengoetakoak dira. Kartoizko edo luma-kartoizko egiturak erabiliz diseinatzen zituen, maketa arkitektonikoak balira bezala, eta hariak jartzen zizkien.

Hau dio artistak: 

Inoiz ez dut izan nire proiektuak eskala handiko espazio fisiko batera eramateko interesik; maketak funtzionatzen badu, lana egintzat jotzen dut. Espazio erreal batean egin ezin badut, ez da ezer gertatzen. Prozesua da niri interesatzen zaidana

Bere sorkuntza-prozesuan, maketaren plano ezberdinetan finkatzen ditu hariak artistak, horien euste-puntuen arteko distantzia erregularrak neurtuta, eskema geometrikoei jarraituz espazioa zeharkatzen duten lerroen itxura har dezaten jartzerakoan. Dituzten aldaera amaigabeak dira lan horien sail-izaeraren arrazoia: xehetasun txiki batzuk aldatze hutsarekin —hala nola, hari kopurua edo harien arteko distantzia—, erabat aldatzen da oinarrizko planteamendu matematikoa, eta emaitza ezberdin ugari lortzen da.

Instalazio horietarako, hariak, kableak, elastikoak edo sokak erabiltzen ditu Esther Ferrerrek, elementu hauskor eta egunerokoak, eta horma biluzien, zoruaren eta sabaiaren artean jartzen ditu, urkilaz edo iltzez lotuta. Era horretan, elementu gutxi batzuekin esku hartzen du espazioan, eta ikuslearen pertzepzioa aldatzen duten ezaugarri berriak ematen dizkio.

Ferrerrek zorroztasun matematiko handiz erabiltzen ditu elementu horiek; euspen-urkilek espazioaren pertzepzioa aldatzen dute. Horrela, lurzorutik sabaira paraleloan doazen hari horiekin, forma geometrikoak sortzen ditu, baita angeluak ere, ertzetan eten edo tolestu egiten direnak.

Horrela hitz egin du artistak lan hauei buruz: 

Instalazio batzuetan arauren baten pean jardutea erabakitzen dut —ahal den neurrian nire subjektibotasunetik ihes egiteko modua da—, edo nik erabakitzen dudan sistemaren baten arabera aritzea —adibidez, zenbaki bakoitien seriea—. Beste batzuetan, ordea, hausaz egituratzen ditut, haien erritmoa ezartzen duen intuizioaren gidaritzapean.

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean